XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Pentsakor geratu zen aita; begietan antzeman nion ez zitzaiola batere gustatu berri hura.

-Esan al zuten noizko espero zuten kargamentu berezi hori?

-Ez dut uste horrek asko axola zienik. Behin entzun nien esaten hortzetaraino armaturik joan beharko zutela. Eta pentsa, belabeltzei tiratzeko ere ez zitzaien berun apurrik geratzen.

Slathers jaunak garbi-garbi utzi zuen platera, baina ez zuen gehiago eskatu nahi izan.

Edukazio txarreko irudituko zitzaion beharbada.

Amak gehiago hartzeko esaten zion eta azkenean Gloriettak bete zion berriro platera goraino.

-Eskerrik asko, Glorietta andereñoa -esan zuen, lotsatu samarturik.

Aitortu beharrean nago nahikoa gosetuta nagoela, behar baino gehiago agian -eta gero guri begira jarri eta esan zuen: Galduta al zabiltzate?

-Ez, hau Goiztiri, Mendebaldeko parnasoa baldin bada behinzat -erantzun zion aitak. Atsekabetuta gaude, hori bai. Baita nahasita eta harrituta ere. Baina ez galduta, Slathers jauna.

Eta amak esan zuen:

-Uste genuen hemen aurkituko genuela nire aita, Cully kapitaina -halako itxaropen argi bat piztu zitzaion begietan. Ezagutzen al duzu, jauna?

Makila bat bezain tente jarri zitzaion lepoa Slathers jaunari.

-Arraioa, kapitainaren senideak! Fenix untziko makinaburua nauzu, anderea.

-Jakingo duzu beraz zer gertatu zen -esan zion amak. Non dago?

Erlaxatu egin zitzaion Slathers jaunari bere fantasma aurpegi zurbila.

Benetako gizona da zure aita -esan zuen.

Jack kapitain gizajoa. Ibaiak hondora bota zuen haren untzia.

Izoztu egin zitzaizkion begiak amari. Arnasari eutsi zion.